XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) pasioan ibiltzen ziren jardinean barrena eta Toniren arrebak telebista ikusten gelditzen ziren.

Nuriak bere lehengo basakatuaren mainak utziak zituen eta ez zuen ematen kontra egiten zionari atzaparka egiteko halako gogoa zuenik.

Nolanahi ere ez zebilen ez irekiago ezta adiskidetsuago ere.

Hizketan ari ginenean oso gutxitan hartzen zuen parte eta etxeko lanetan laguntzen zuen baina ezin zen esan alaitsu eta gogo argiz zebilenik.

Nire aitarekin edota nirekin zakar jokatzen ez bazuen ere, edozein aukera baliatzen zuen gu han egotearen errudun sentiarazteko, bere intimitatean indarrez sartu diren bi arrotz bagina bezala.

Garbi gera bedi ni saiatu egiten nintzela bera ez asaldarazten...

Ahal nuen guztian ebitatzen nuen eta ez nion zuzenean hitz egiten, ezinbestekoa ez bazen behintzat.

Berak, ordea, beti bilatzen zuen arrazoiren bat gure oker ttikien kontzientzia har genezan eta bere esparruan sartzen baldin baginen ere berdin.

Bere liburuen kontu hura izan zen lehenengo istilu-iturria eta, inoiz zuzenean errurik bota ez bazidan ere, zeharka eta denon artean liburutegia osatzeko ideiaren atzean ni ibili nintzen aldetik, erasotua sentitu nintzen.

- Nire liburuak nire gelan nahi ditut! aldarrikatu zuen, Toniri begira.

-Ezta okurritu ere liburu horiek ukitzea!